sábado, 8 de mayo de 2010

"Ze ondo bizi giñan!"

Askotan atzera begiratzeak ez digu onik egiten. Orain baino hobeto bizi ginela pentsatzen dugun arren, amets infinitura bultza gaitezke gogoeta horrek. Hori oso arriskutsua da. Baliteke bai, errealitate ustelean eskegita egotea. Aitzitik, hori horrela izateak edo ez izateak, ez gaitzake asko lagundu gaurko oztopoak biharko baliabide bilakatu daitezen. Iragana joan zen eta etorkizuna jokoan dago; beti orainaldia zubi etengabea dela presente izanaz noski. Hori dela eta, ezin dugu egun guztia iraganera begira igaro, “ze ondo bizi giñan!” bezalako amets galduei so, denborak jango baikaitu bestela. Lo naturalaren zartadak pairatu behar ditugu; kosta ala kosta. Bizitza ez da sinplea ero erraza izaten. Izaki, izate edo izaera oso konplexuak dira eta guk geuk ez ditugu geure mugarriak ondo finkatzen; bizitzen irakasten ez digutelako. Egunero, mundu honetan bizi-irauteko klase magistralak jasotzen ditugu eta bide okerraren sarrerek bide egokiarenak baino politagoak dirudite. Lilurakeriaz estalitako harrerak besterik ez dira! Denboraren joanean, bide argia zena ilundu egiten da eta itzalen artean amatatzen gara egonezinera iritsi arte. Gauzak nola begiratu ez digute esplikatu. “Disfruta ezak!”, esan ziguten, baina inork ez zigun galdetu nola gozamenik nahi genuen, ze motatako gozamenik nahi genuen. Horrexegatik, gaurko poza, biharko tristura bilakatzen da oso maiz.



Denbora neurtu behar dugu. Oso gazteak gara eta oraindik bidea egiteke dago. Oztopo handiak aurkituko ditugu, bai, baina arestian aipatu bezala, bizitzen jarraitzeko traba horiek gainditzea beste erremediorik ez zaigu gelditzen! Orain, bizi edo iraun egin nahi dugun hautatu behar dugu. Aukera erraza ematen du, baina uste dugun baino askoz sakonagoa da. Pasibo ala aktibo? Ze jokabide hartu? Gehienok aktibo aukeratuko genuke, baina aldi berean, pasibo jokatu. Guzti horrek, geure baitan hausnarketa sakona bat egitea eskatzen du. Hori, berandu baino lehen etorriko zaigu. Egunak zenbatu, kontatu ea zertarako bizi zeran asmatzen duzun. Galdera ez da erraza eta erantzuna, hil arte ez daiteke aurkitu! Inguratzen gaituen maitasuna eskuekin ukitu nahi dugu. Nik baldintza guztiak sortu beharko nituzkeela badakit. Lan nekeza! Lotsak edo ganora faltak ahalegin berezi bat eskatzen dit. Koldar ausarta? Agian, baliteke. Dena den, bizitzaren ikusle soiltzat dut ene burua. Besterik irakatsi ez zidatelako, liburu eta besteen istorioetan ezkutatzen naizelako... Koldarkeriaz koldarkeria nire bizitza eraiki dudalako besteen bizitza bizi nahian. Niri begira egoten naizenetan ze egin dezakedan galdetzen naiz. Erantzun asko ditut, baina ez didate balio; nik entzun nahiko nukeena ez baitut aditzen. Horrexegatik, kexatu baino lehen, isilik hobe nago!

PD: Eskerrik asko Aitor!

No hay comentarios: