domingo, 20 de mayo de 2012

Hurbilak zaizkigun gazi-gozoak (eta III)


Osotasunaren bila

Liburu honetako protagonistak maitasunaren bila dihardu istorio guztian zehar. “Urrunera eramango duen marea indartsu” baten amodioa bizi nahi du eta horrela suertatzen zaio “Idazteko etxea atontzen” zatian. “Ausentzi baten kontakizuna” da, non barruan dauzkan sentimendu triste guztiekin gero eleberri bihurtuko den gutun bat idaztea deliberatzen baituen. Poesia, Hollywood eta literaturari esker, “ahiturik baina pozik” egoteko maitasun istorio ederrenak direla barneratu dugu. Zoritxarrez, hori ez da beti gertatzen eta hori pairatzen du protagonistak.

“Idazteko etxea atontzen” minduta paratzen den “bihotz alderraia” dugu protagonista. Nire ustez, kontakizun hau sakonena da, izan ere dioena barrutik azaleratzen duela argi dago. Estetikoki politena den arren, oso garratza egiten zaio sofritu duenari kontatzea eta hori erakusten du idazleak. Bere sentimenduen radiografia izugarria dagi protagonistak. Hauxe bera sentitu dut nik leitzean, behintzat. Era berean, maitasun istorio bat “zail” bukatzen denean, pentsatzen du inspirazio datorkiola artistari ere (“Literatura bakarrik ez, […] ipar-orratzak, [...] katedralak […] emakumen batzuek […] ispiluetan beren buruak mirets zitzaten” 77 o).

Oso ohikoa zaigu, maitasuna agortu denean protagonistak bezala “oraindik garaiz” gabiltzala pentsatzea; amorerik eman gabe, atzera bueltarik ez zeukala konturatu arte. Gu ere, neska bat “ezagutuko dugulakoan” gaude, halabeharrez. Gainera, “ilunabarreko tristurak bihotza estutzen didanean berarekin gogoratuko naizela” pentsatu nahi dugu. Hor datza eleberri honen diztirak, kontatzen duena hurbil-hurbila zaigula. Idazleak gizonok maitasunarekiko erabiltzen ditugun koordenadak (esperantzak, ondoezak, erreferenteak, heroiarena…) ondo islatu dituela uste dut. Hori da liburu honek duen meritu handiena.

Bestalde, baliteke, emakume bat topatzea amets kamutsa ala itxaropen faltsua izatea. Igoal bakarrik biziko gara, neskarekin ala neska barik, izan ere, ez dut uste gizon batek dituen bihotzeko gaixotasun guztiak senda ditzakeenik emakume batek. Lagungarri izan daiteke, baina inork ezin du bere burua poztu norbera gabe. Dena den, neska baten mareak itsasoaren sabelera naraman arte, nik ere nire etxea “atontzen” darrait. Ezin dut ukatu, “tristura eta guzti”, bizitza “ederra dela”, halafede!

Idazlea: Joxan Agirre
Titulua: “Zwei Frauen (bi emakume)”
Editoriala: Elkar
Orrialde: 164