jueves, 1 de marzo de 2012

Hitzak, hitzak...

Ondo iruditzen zait norberak bere sexualitatea ezar dezala. Ondo iruditzen zait mutil bati beste mutil bat edo neska bat gustatzea. Maitasunak sentimendueekin zerikusi handiagoa dauka, rola edo delako horrekin baino. Ederki iruditzeaz gain axola zaizkit nire ingurukoen gustuak. Ez naiz zurrumurruaz ari; baizik eta norbanakoen izaeraz.

Nik beti pentsatu dut tolerantzia horrekin lotura handia daukala. Gizakioi ezberdintzen gaituzten alderdiak errespetatu behar ditugu, bestela elkarbizitza ezinezkoa litzaiguke. Askotan "ez zait axola" eta horrelakoak botatzen ditugu atsegin egiten ez zaizkigun alderdi horiek onartzen ditugula adierazteko. Hala ere, ez gara konturatzen "indeferentzia, mesprexu erabatekoaren adierazgarri perfektua" dela. Axola ez bazaizkigu, ez ditugu alderdi horiek kontuan hartzen, beraz ez dugu pertsona hori bere osotasunean maitatzen. Teorian behintzat.

Gauza hauek tontokeriak dirudite, baina hizkerak indar haundia dauka. Hitzen atzean nolabaiteko "ideologia" ala mundua ulertzeko era bat dago. Ez da berdina "berba egin" ala "mintzatu" esatea; tokiz tokiko aldaketaren adierazleak baitira. Nazismoa eufemismoetan oinarritu zen egin zituen sarraskiak iritzi publikoaren aurrean legitimatzeko. "Reasentamiento" eta "enviar a campos de exterminio"-k ez daukate ohiartzun berdina jendearen aurrean. Halere, batak bestea ekarri zuen. Ez da txantxetakoa, beraz.

Hizkuntza berez datorkigula uste dugu, baina ez zaigu horrela suertatzen. Hitzak mundua azaltzeko tresnak dira, aldiz, manipulatzeko arrisku larrian daude. Hitzari kontzeptua atxikitzen zaio. Horri muina deituko litzaioke; ideologiaren txertoa da eta esangura handia dauka. Alderdi horrek, azkenean, zer esan nahi duen argitzen du. Hori dela eta, kritika edo lelo bat entzuten dugun bakoitzean, hizlaria nor den jakitea garrantzitsua da, hitz horien zentzu guztia ulertzeko.

Horrexegatik, hizkuntza ondo menperatzea ezinbestekoa zaigu mundu hau zer konplexua den barneratzeko. Gauzak ez dira "berez" etortzen, norbaitek asmatu egin ditu. Kezka ezohikoa da, baina normala izan beharko litzateke. Modan ez dago, ordea. Hizkuntza bizirik dagoela-eta, hitz eta esanahi berriak sortzen dira etengabe; geure perzeptzioen mapak bailitzan. Eta mugeen aldaketak onartzen ditugu, igarri gabe, galdetu gabe nork ezarri ote dituzten.

Zuzenketak: Oier Aranzabal, eskerrik asko gizon!!!

No hay comentarios: