martes, 12 de junio de 2012

Umeak, komunistekin kontuz!

Haurtzaroko pelikulek gugan izan dituzten ondorioak gutxietsi egiten dira. Salbuespenak salbuespen, inork ez dio filmen edukia ideologikoari erreparatzen. Dirudienez, filmak "neutral" eta "objetiboak" izan ohi dira. Antza denez, ez dute "balio subjetiborik" transmititzen, ezta ideologia konkretu bat ere! "Qué va" diote askok, baina oker daude.
Orain dela hilabete edo, Gorka Bereziartua kazetariak El Rey León-i buruzko hausnarketa plazaratu zuen Argia astekarian. Bertan, pelikula "diktaduraren apologia" dela salatzen zuen kazetariak. Berak "eskuin faxistan" kokatzen zuen Disney-k helarazitako mezua. Bereziartuaren aburuz, filmak "indarrez ezarritako ordenak betiko berdin jarraitzea, klase zapalduak are gehiago zapaltzea, emakumeen azpiratzea…" zabaltzen zuela zioen. Eta arrazoia zeukan.
Ni ez naiz komunista. Ez naiz inoiz izan eta ez dut uste sekula izango naizenik. Halere, deigarria egin zait beti haurtzaroan ikusi nituen pelikuleak nola oldartu ziren komunismoaren aurka. Film bi portaera honen ereduak direla azpimarratuko nuke: Fievel y el nuevo mundo eta Anastasia. Biak komunismoaren arriskuaz abisatzen digute, oso era burutsuan plazaratuta ere. Komunistak berak ez dira zuzenean aipatzen, baina testuingurua kokatuz gero, Errusiako Iraultzaz mintzo direla argi zaigu.
Fievel y el nuevo mundo (1986) pelikulak Errusiako arratoi familia baten erbestealdia dauka abiapuntu. Senideek "katu gaiztoetatik" ihes egiten dute Estatu Batuetara. "Kasualidadez", 1917an kokatuta dago ihesaldia; Errusiako Iraultza gertatu zen urte berean, eta katuak matxinatuen rola jokatzen dute. Pelikularen hasierak ere ezin hobeto helarazten du mezu antikomunista: Fievelen familiak trankil afaltzen duen bitartean, katu gaiztoak euren etxera sartzen dira familia kanporatuz eta etxeari sua emanez.
Katuen iraultzaren ondorioz, Estatu Batuetara abiatu behar dira Fievel eta ahaideak. Barkuan bertan, "pero no hay gatos (komunistak) en América" (entzun mesedez) kantatuz helduko dira katuen matxinada biziraun zuten arratoiak. Lur askea, beraz, Ameriketako Estatu Batuak, BBSS-en botatako jende umila berenganatzen duen estatua. Amerikan ere zenbait katurekin (komunistekin) egingo dute elkar topo, aitzitik. Dena den, katu batek salbatuko die, baina katu izateari damutu zaiola aitortuz. Damutuarena, guda batean min handiena ematen duena.
Romanov gaixoak...
Anastasia (1997) pelikulan argiago islatzen da anti-komunista mezua. Eskolan izan nuen Historia irakasle bat (Santi Ituño) horretaz kexu agertu zitzaigun, Historia ezin zela horrela landu explikatuz. Izan ere, pelikula egin orduko ez zegoen argi Anastasia Romanov, Errusiako Zar Nikolai-ren alaba, Inperiotik bizirik atera zela. Urtebete beranduago demostratu zenez, Anna Anderson ez zen Romanov familiakoa, beraz, istorioa ez zen egiazkoa. Dena den, hori ez da pelikulak daukan alderdi lazgarriena.
Anastasia pelikulak Romanov familia biktimatzat hartzen du. Halaber, komunistek denari su ematen diote eta Rasputin aztiak deabrua dela ematen du. Ez da inon agertzen Romanov familiaren agintearen ondorioz, Errusiako gizartearen egitura feudala zela eta bertako biztanleak gosez hiltzen ari zirela. Pelikula honetan ere, Erregimen Zaharreko kideak biktimak eta komunismoa ezarri zutenek gaiztoak ditugu. Hori gutxi balitz, Anastasia-n ere, salbatzaileak bere izaerari uko egiten dio. Fievel y el nuevo mundo-ko katuak bezala, Dimitrik "proletario" izateari errefusatuz, Anastasia printzesa gaztea salbatzea erabakitzen du.
Beraz, argi dago umeen pelikulak ez direla batere inuzenteak. Disneyk Estatu Batuetako baloreak eta ideologia hedatzeko bere produktuak erabili izan ditu, bestelako film- produktoreek bezala (El Ché, kasu). Horrek, berez, ez luke larria izan behar. Aitzitik, balore batzuen eragina naturala dela uste dugun bakoitzean, "pentsamendu bakarrari" ematen dizkiogu hegalak, dela neoliberala, dela komunista edo dena-delakoa. Kritiko izatea ezinbestekoa zaigu pertsona bezala hazteko eta irentsi arazi nahi diguten ortodoxia ideologikoa baztertzeko. Has gaitezen umetatik irakatsi dizkiguten baloreak zalantzan jartzen, hortaz. 

No hay comentarios: