jueves, 16 de diciembre de 2010

Omenaldi xume batzuk

Xabier Lete joan zaigu. Aspalditik gaixorik zegoela bagenekien. Hala ere, euskal kulturarako oso kolpe latza izan da heriotza. Xabier Lete geure kulturaren ikur handienetariko bat izan da. “Izarren hautsa” edo “Xalbadoren heriotza” kantu ospetsuak dira gaur egun, edozein herriko jaietan entzuten direnak, alegia. Dena den, hau ez da artikulu xume hontan azpimarratu nahi nuen aspektua. Neuri benetan harritu eta hunkitu egin didana, zera izan da: Lourdes Iriondo-ri zion maitasuna. Hori izan da aspalditik Xabier Leteren miresgarri iruditu zaidan alderdia. Nik ez nuen bera ezagutzeko aukera, baina egunkarietan leitu dudanez, Lourdes Iriondorekin txundituta zegoen. Bere emaztearen heriotza bere gaixotasuna larritu zuela ei da. Nire “abuela” zendu ostean, nire aititea ere arinago hil zen. Hori da, azken finean, gizakiok faltan duguna: bizitzeko beste pertsona bat, orekatzen gaituen beste adiskide, lagun eta min bat, berarekin amildegian behera abiatzeko prest gaudenarekin.

Biak, beste asko bezala, istorio erromantikoei bizitza ematen zieten eta eroi erromantiko bezala, maitasunak hil zituen. Ezin zituzten beraien ametsak egi bilakatu, betirako amodioak joan baitzitzaizkien. Hauxe da Xabier Leteri eskaini nahi nion omenaldi xumea eta, horren harira, nire Abuelori ere. Batek euskaraz idatzi diren olerki sakonenenetakoak izkribu ditu. Besteak bere senidea aurrera ateratzea lortu zuen. Biak ez ziren eroso bizi, halere besteon bizitza errazago eta erosoago izan zitezela ahalegin handi egin zuten. Batek poesia erabili zuen, besteak bere buruak eman zituen baliabideak. Letek bere poesiarekin geure kezka denak zerikusiak dituztela erakutsi zuen. Kontraesanak, heriotza, bizitzeko premia denon buruhausteak dira. Horri esker, mundu bakarti honetan horren bakarrik ez garela bizi eta denok, era batean, antzekoak garela aditu nuen. Hori da, azkenean, erabateko bakardadetik ateratzen digun poesia; non hitzak geureak bailitzan irakurtzen diren. Xabier Leteren bertsoak guk konposatzen jakin ez ditugunak izan dira. Horregatik, hainbatetan kantatu ditugun estrofak bihurtu dira.

Eskerrik asko Xabier Lete, eskerrik asko Abuelo

Goian begoz

No hay comentarios: