Haurtzaroko pelikulek gugan izan dituzten ondorioak gutxietsi egiten
dira. Salbuespenak salbuespen, inork ez dio filmen edukia ideologikoari erreparatzen.
Dirudienez, filmak "neutral" eta "objetiboak" izan ohi
dira. Antza denez, ez dute "balio subjetiborik" transmititzen, ezta
ideologia konkretu bat ere! "Qué va" diote askok, baina oker daude.
Orain dela hilabete edo, Gorka Bereziartua kazetariak El Rey León-i
buruzko hausnarketa plazaratu zuen Argia astekarian. Bertan, pelikula
"diktaduraren apologia" dela salatzen zuen kazetariak. Berak
"eskuin faxistan" kokatzen zuen Disney-k helarazitako mezua.
Bereziartuaren aburuz, filmak "indarrez ezarritako ordenak betiko berdin
jarraitzea, klase zapalduak are gehiago zapaltzea, emakumeen azpiratzea…"
zabaltzen zuela zioen. Eta arrazoia zeukan.
Ni ez naiz komunista. Ez naiz inoiz izan eta ez dut uste sekula
izango naizenik. Halere, deigarria egin zait beti haurtzaroan ikusi nituen
pelikuleak nola oldartu ziren komunismoaren aurka. Film bi portaera honen
ereduak direla azpimarratuko nuke: Fievel y el nuevo mundo eta Anastasia.
Biak komunismoaren arriskuaz abisatzen digute, oso era burutsuan plazaratuta
ere. Komunistak berak ez dira zuzenean aipatzen, baina testuingurua kokatuz
gero, Errusiako Iraultzaz mintzo direla argi zaigu.
Fievel y el nuevo mundo (1986) pelikulak Errusiako arratoi familia baten erbestealdia dauka
abiapuntu. Senideek "katu gaiztoetatik" ihes egiten dute Estatu
Batuetara. "Kasualidadez", 1917an kokatuta dago ihesaldia; Errusiako
Iraultza gertatu zen urte berean, eta katuak matxinatuen rola jokatzen dute.
Pelikularen hasierak ere ezin hobeto helarazten
du mezu antikomunista: Fievelen familiak trankil afaltzen duen bitartean, katu
gaiztoak euren etxera sartzen dira familia kanporatuz eta
etxeari sua emanez.
Katuen iraultzaren ondorioz, Estatu Batuetara abiatu behar dira
Fievel eta ahaideak. Barkuan bertan, "pero no hay gatos (komunistak) en América" (entzun mesedez) kantatuz helduko dira katuen matxinada biziraun zuten arratoiak. Lur askea, beraz, Ameriketako Estatu
Batuak, BBSS-en botatako jende umila berenganatzen duen estatua. Amerikan ere
zenbait katurekin (komunistekin) egingo dute
elkar topo, aitzitik. Dena den, katu batek salbatuko die, baina katu izateari
damutu zaiola aitortuz. Damutuarena, guda
batean min handiena ematen duena.
Romanov gaixoak...
Anastasia (1997)
pelikulan argiago islatzen da anti-komunista mezua. Eskolan izan nuen Historia irakasle bat (Santi Ituño) horretaz kexu
agertu zitzaigun, Historia ezin zela horrela landu explikatuz. Izan ere,
pelikula egin orduko ez zegoen argi Anastasia Romanov, Errusiako Zar
Nikolai-ren alaba, Inperiotik bizirik atera zela. Urtebete beranduago
demostratu zenez, Anna Anderson ez zen Romanov familiakoa, beraz, istorioa ez
zen egiazkoa. Dena den, hori ez da pelikulak daukan alderdi lazgarriena.
Anastasia
pelikulak Romanov familia biktimatzat hartzen du. Halaber, komunistek denari su
ematen diote eta Rasputin aztiak deabrua dela ematen du. Ez da inon agertzen
Romanov familiaren agintearen ondorioz, Errusiako gizartearen egitura feudala
zela eta bertako biztanleak gosez hiltzen ari
zirela. Pelikula honetan ere, Erregimen Zaharreko kideak biktimak eta
komunismoa ezarri zutenek gaiztoak ditugu. Hori gutxi balitz, Anastasia-n
ere, salbatzaileak bere izaerari uko egiten dio. Fievel y el nuevo mundo-ko
katuak bezala, Dimitrik "proletario" izateari errefusatuz, Anastasia
printzesa gaztea salbatzea erabakitzen du.
Beraz, argi dago umeen pelikulak ez direla batere inuzenteak.
Disneyk Estatu Batuetako baloreak eta ideologia hedatzeko bere produktuak erabili izan ditu,
bestelako film- produktoreek bezala (El Ché, kasu). Horrek, berez, ez luke larria izan behar. Aitzitik,
balore batzuen eragina naturala dela uste dugun bakoitzean, "pentsamendu
bakarrari" ematen dizkiogu hegalak, dela neoliberala, dela komunista edo
dena-delakoa. Kritiko izatea ezinbestekoa zaigu pertsona bezala hazteko eta irentsi arazi nahi diguten ortodoxia ideologikoa baztertzeko. Has gaitezen
umetatik irakatsi dizkiguten baloreak zalantzan jartzen, hortaz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario